XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aldarea kalostra batez egoan itxita.

1886.eko azaroaren 9an suak hartu eban; zuriztaketearen gastuak eta ganerako beste kalte guztiak ordaintzeko, Udalak 2.000 errial emon ebazan, eta diru kopuru hori Leon Larroque Bilboko auzotarrari ordaindu jakon, San Antonioren aldarea eta Nekeetako mahaia pintatu, aldare horretako doratuak garbitu, Aldare Nagusiko kalostraren barroteak eta prozesino-atearen kantzelpea pintatu egizan.

Era berean, Martin Callek aldareaurrea eta elizako ganerako atalak zuriztatu ebazan, eta beraren lanaren kostua 1.420 errialekoa izan zan.

1952. urtean aldarea zatitu eta beste leku batetara eroan eben, aldareaurrearen aldea oso egoera txarrean egoalako, lehen ere esan dogun legez.

Aldare hori ezeze beste bost ere egon ziran:

- Errosarioaren aldarea:

Gorputz bik osotutako aldare barrokoa; gorputz bien artean friso apainduko arkitrabea egoan.

Goiko gorputzean, behekoa baino handiagoa bera, muturrean zutabe salomonikoak eukazan, eta honeen bitartean Errosarioaren Amaren irudia egoan horma-konkea; badirudi, antzinatasuna eta tankereari kasu egin ezkero, irudia Jaungoikoaren Amarena dala, nahiz eta 1930.ean Pedro San Martinek oso ondo doratu eta apainduta egon.

Goiko gorputzaren ganean zirkuluerdi tankerako frontoia egoan, eta honen azpian San Migel Goiaingeruaren irudia kokaturik egoan, kartela errektangular batean.

Ez da ageri aldare honen barri 1938.eko azaroaren 15eko inbentarioan; inbentario honetan Errosariokoa eritxon Ama Birginearen zizelan bat jasota dago, eta datu horrek urte horretarako aldarea desagertu zala eta irudia Aldare Nagusira eroanda egoala pentsarazoten deusku.

Aldare honek kalostrak eukazan.

- San Joseren aldarea:

Hau ere barrokoa zan eta aurrekoaren ezaugarri eurak eukazan: gorputz bi, behekoan zutabe salomoniarrak eta goikoan zirkuluerdiko frontoia, eta apaindutako oholtza bien artean.

Beheko gorputzean San Joseren irudia egoan eta goikoan San Sebastianena.

Lehenengoa Pedro San Martinek doratu eta apaindu eban Errosarioarenagaz batera.

Ez da agertzen lehen aitatu dogun 1938. urteko inbentarioan.

- Nekeetako Amaren aldarea:

Kapera txiki batean egoan eta elizako onenetarikoa izan zan.

Sagrario beheko gorputzean jarrita egoan.

Apaingarri ugariko horma-konka baten barruan egoan, inguruan azpikoz gorako eta landare itxurako apaingarridun fuste tronkopiramidaleko zutabeak dituala.

Goiko gorputzean besoetan Kristo etzunda eukan Ama Birginearen XVII. gizaldiko zizelana egoan (zidarrezko koroaduna), berau ere alboetan zutabe salomoniar txiki bi eukazan horma-konka baten barruan.

Pietate hau horman ipini eben geroago.

- San Antonio aldarea:

Erdialdean San Antonioren irudi zizelatu handia eukan, Gerra Zizilaren aurretik hautsi ebena, eta goiko gorputzean Santo Kristoa.